OÑATI COMMUNITY

  • Home
  • Blog
  • BERDINTASUN POLITIKEN GARAPENA EAE-ko UDALETAN

BERDINTASUN POLITIKEN GARAPENA EAE-ko UDALETAN

27 Jul 2017 14:09 | Maria Zendegi Zelaia

Gradu Amaierarako ikerketan, EAEko udalerrietan berdintasun politiketan dagoen aktibotasun maila ikertu dut. Ikerketa denbora eta baliabide faltagatik 5.000 biztanletik gorako udalerrietara mugatu dut; nahiz eta 4/2005eko Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legeak 3.000 biztanleko udalerriak ezartzen dituen. Prezeski, autonomia faltagatik beste antolamendu bat dutelako udalerri txikiek eta ikerketa desorekatu dezakeelako.

Honetarako, datu eta inkesta telefonikoez baliatu naiz, baita Elorrioko Udalean izandako esperientziatik ere. Elkarrizketa sakonagoak egitea gustatuko litzaidakeen arren, gaurkoan ez da honela izan. Bestalde, 2.000 eta 2.015 arteko urte tartea aukeratu dut, epealdia gehiago ezin delako luzatu denboran, ikerketa desbideratuko lukeelako; gainera, diru laguntzek – sistematikoki behintzat, urtero – XX.mende amaieran eta XXI.mende hasieran gorakada izan dute eta azken puntu hau, garrantzitsua izango da Berdintasun Politiken jauzia ulertzeko ikerketa honetan. Ondorioz epealdi honetara mugatu dut ikerketa osoa.

Hariarekin jarraituz, hainbat kontzeptu definitzea ezinbestekoa da ikerketaren nondik norakoak ulertzeko. Lan honen testuinguruan, berdintasun politiketan aktibo izatearen kontzeptuak esan nahiko du hala nola, berdintasun plan bat jorratuta duen udala dela, baita Berdintasun Unitate bat duela egunero honetan jarduten dena, Eudelek osatutako Berdintasunaren aldeko Udalerrien erakunde-sarean (Berdinsarean) dagoela eta beste hainbat faktore. Bederen, adierazle sistema zehatzago batekin neurtu da aktibotasun maila hau. Askoz gehiago luzatu gabe, ikerketaren emaitza nagusiak azalduko nahiko nituzke.

Pérezek (2014) azaltzen duenez, azken urteotan gobernu lokalak bere jardunean igoera nabarmena izan du eta honenbestez eskaera geroz eta handiagoei egin behar dio aurre. Honek suposatu du udalek duten aurrekontu urriak oraindik eta gehiago estutu behar izatea. Halere, menpekotasun ekonomikoa aztertzerakoan, kontuan izan behar da Udalak Estatutuen 10.4 artikuluari jarraiki  hauen ardura ekonomikoa Foru Aldundiek dutela.

Era berean, udal batzuek prekarizazio egoera bat jasan dute, legalki beraiei ez dagokien zerbitzuak emateagatik. (Suárez 2008: 32; in Pérez, 2014: 272). Honen adibide dira babes eta segurtasun sozialerako zerbitzuak edota gizarte laguntzarako bestelako zerbitzuak.

 Pérezen (2014) ikerketak EAEko udalen diru sarrerak aztertzen ditu. Beheko taulan ikusten den bezala, transferentziek dute Autonomia Erkidegoko udaletan pisu gehien; hain zuzen ere azken datuen arabera %51,37a suposatzen dute. Bigarren postuan, urte bereko datuetan, diru sarrera propioak aurekontuaren %46,12an daude. Beraz, argi geratzen da oraindik udalek duten menpekotasun ekonomikoa; honek guztiak berdintasunerako politikak aplikatzean eragin zuzena duelarik.

1.taula: EAEko administrazio publikoen sarrerak

SARRERA MOTA

2009

2012

Zergak

%15,53

%19,58

Tasak

%14,64

%18,13

Zorra

%7,22

%2,46

Besteak

%9,75

%6,12

Diru sarrera propioak guztira

%46,34

%46,12

Partizipazioak Estatuko Zergak

%3,02

%2,35

Transferentziak

%48,85

%51,37

Iturria: lanketa propioa Pérezen (2014: 205) datuen arabera


Azkenik, garrantzitsua da ulertzea nondik datozen aipatutako transferentzia hauek. Oro har, 2012ko datuen arabera, Foru Aldundiek transferentzien %98,5ko ekarpena egin zuten. Honek esan nahi du Eusko Jaurlaritzaren transferentziak urte hartan soilik %1,5ekoak izan zirela.

Gobernu lokalak, 1985eko legearekin bat konpetentziak lortu zituen berdintasunean, hauen artean, gizarte zerbitzuak  hornitzekoa ere. Gainera, gaur egunera arte dekretatutako berdintasun lege guztiek dutela aipamen berezia udalen parte hartze derrigorrezkoari buruz.

Harreman intergubernamentalen arkitektura instituzional honetan, Udalak herritarrekin harreman zuzena duten erakundeak direla ulerturik, hauek berdintasunarekiko duten esku hartzea aztertzea ezinbestekoa da. Bestalde, Espainiako deszentralizazio mailagatik, autonomia erkidegoek Gobernu Zentralari berdintasun politiketan aurre hartu diote, eta berritzaileak izan dira jurisprudentzia genero ikuspegitik eratzen eta birmoldatzen.

Bestetik, Eusko Jaurlaritzari dagokionez, 2012an berdintasunerako aurrekontu orokorren %0,19a zen; hortik berdintasuna bultzatzeko %58a, bigarrenik berdintasunerako langileentzat %23a eta azkenik %19a azpiegitura finkoetarako. Gainera, Emakunderen 2015eko txostenaren arabera, berdintasunerako unitateak geroz eta konplexuagoak dira. 2013ko datuek diote 2012an 147 pertsona zeudela berdintasunerako lanpostuetan. Hala ere, aipatu beharra dago Alfama eta Alonsoren arabera (2015), lanpostu hauetan prekarietate indizeak ere aztertu izan direla.

Hiru lurralde historikoen udalak aztertuz geroz, diferentzia nabarmenak ikusten dira. Arabar herritar gehienak hiriburuan pilatzen dira eta beste Udal gehienak tamaina txikikoak dira, honek asko zailtzen duelarik berdintasun politika tinkoak aurrera eramatea gainontzeko udalerrietan.

Gipuzkoari dagokionean Berdintasunean ibilbiderik ez duten udalerriak 5.000 biztanletik beherakoak dira. Gainera, mankomunitate eta koadrila mailan askoz gehiago jorratu da gaia, beste lurralde historikoekin erkatuz gero. Hemen, egoera mistoagoa da, izan ere erdi mailako udalak (ibilbidea dutenak berdintasun politiketan) eta txikiak (azken urtetan hasi direnak berdintasun politikekin) aurkitzen dira. Hirugarrenik, Bizkaian, tamaina erdi eta handiko udaletan baita txikietan ere ibilbide luzeko udaletxeak gehiago dira beste lurralde historikoetan baino.

Azkenik, udalen aktibotasun mailari buruzko laburpen txiki bat emateko, aipatu beharra dago Berdintasun Tekniaria, Berdintasun Sail propio bat (ez beste unitateekin konpartitutakoa ordea) eta Berdintasun Plan bat baino gehiago egin duten Udalek emaitza hobeak izan dutela. Bestetik, Berdinsarean egotea edota Europako Gutuna sinatu izateak ez du korrelazio zuzenik erakutsi Berdintasunaren aktibotasun mailarekin.

Amaitzeko, gobernuan egon diren alderdiak (ezkerrekoa zein eskuinekoa) ikerketaren epealdian (2010-2015) ez du izan eragin zuzenik, hiriburuetan izan ezik, berdintasunaren jardunean. Ezta ere alkatetzan egon den pertsonaren sexuak; emakumezko ala gizonezko ez da inongo tankerarik nabarmendu ikerketaren zehar berdintasunean gehiago ala gutxiago jorratzerakoan. 

Powered by Wild Apricot Membership Software