OÑATI COMMUNITY

LEKAIXOKA!

19 Sep 2017 11:42 | Miren Manias (Administrator)

Horixe da Irailaren 24an Oñatin ospatuko den Kilometroak 2017ren leloa. Lekaixo hitzak, oihua, irrintzia edo deiadarra esan nahi du oñatiarrez. Antzina asko erabiltzen zen komunikatzeko moduari erreferentzia egiten dio, baserriz baserri distantzia luzeetan mezuak helarazteko asmoz. 


Txantxiku Ikastola orain dela 50 urte sortu eta haziz joan da urteak joan ahala. Honenbestez, “Kilometroak” deituriko jai honek, aurton, hainbat helburu ezberdin lortu nahi ditu. Alde batetik auzolana landu nahi da, Debagoiena eta Gipuzkoa osoko eragileekin lankidetza lortzeko hizkuntzaren eta herriaren alde eginez. Bigarrenik,  euskararen komunitate txikitik at, beste hizkuntza eta talde berrietara ireki nahi da. Gainera, parekidetasuna eta aniztasunaren izenpean lan egin nahi da eta amaitzeko, azken helburu gisa ikuspegi jasangarria azpimarratu nahi du aurtengo kilometroak. Izan ere, mundu aurrerakoiari begira jarriz, garapena guztiz jasangarria sortu nahi da, ondare naturalekiko errespetua landuz.

Gipuzkoako Ikastolek dituzten behar materialei erantzuteko antolatzen da jai hau. Euskal Kultura, Euskara eta Euskal Hezkuntza indartu eta elikatu nahi du ikastolen mugimendu honek, herritarren eskutik jasotzen duen kultura berriro, Hezkuntzaren bidetik, jendarteari itzuliz.

Denboran atzera egiten badugu, Gipuzkoako ikastolen bultzadarako egitasmo hau, lehendabizikoz Beasainen ospatu zen  (Goierri) 1977.urtean. Ordutik, Gipuzkoako ikastolek, bai eta beste lurralde historikoetakoak ere, hobekuntza eta egoeraren normalizazio nabarmena jasan dute. 1977az geroztik, jakina den bezala, urtero ospatzen den jai bihurtu dira Kilometroak. Dagoeneko 40 ekitaldi burutu dira eta gure kasuan, 1989an ospatu zen lehendabizikoz Oñatiko herrian. Aurten, 28 urteren ondoren, berriro ere herrian zehar ospatuko den bigarren ekitaldia izango da beraz.

Herriko bazter guztiak zeharkatuko ditu ikastolen aurtengo jai honek. Azpiko irudian ikusten den bezalaxe, lau gune nagusietan banatuko da eta bost kilometrotako luzera izango du ibilbideak. Lehenengo gunea, Oñatiko Txantxiku Ikastola bera, plaza eta frontoia izango da. Bigarrenez, San Martineko zelaietan zehar “Haurren hirira”  edukiko dugu bai eta Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketa ere. Hirugarren gunea Asentzion izango da, non hainbat kontzertu egongo diren baita Axi Muniainen erakustaldia ere. Azkenik, Berezaoko auzoan Euskal Kulturgintza eta Artisautzarako merkatuak egongo dira, besteak beste.

 Iturria: Goiena egunkaria, 2017ko abuztuaren 28an argitaratua (https://labur.eus/T5L4v )

Amaitzeko, igande honetan ospatzearen dagoen jai hau ezinezkoa izango zen  urte guztian zehar lanean jardun duten 1.600 boluntarioak gabe. Batuko den diruaz, Txantxiku Ikastolak, 0 eta 6 urte bitarteko ikasleentzat atondu duen proiektu pedagogiko berria gauzatzeko egin duten eraldaketa arkitektonikoak ordaindu nahi da. Beheko argazkian ikusten da honetarako sortu diren ekintzen programazioa.

   

Igande honetan herria eta herritarrak errespetatuz, gozatzea besterik ez da falta beraz.

Kilometro onak izan!

Maria Zendegi Zelaia, 2017ko irailaren 18

Powered by Wild Apricot Membership Software